viernes, 5 de junio de 2009

08-09 denboraldia

Lehenik eta behin esan oso gustura amaitu dudala denboraldia, sentsazio oso onekin. Urtean zehar asko saiatu zarete entrenamendu eta partiduetan eta hori azkenean notatu egiten da.

Denboraldi hasiera ez zen erraza izan, eskola ezberdin askotako jendea elkartu zineten eta zuen artean ezagutzea ez zen erraza izan hasiera batetan, gainera entrenatzeko egun bakarra izan dugu. Arazo guzti horiek izan arren ez duzue inoiz amore eman eta hori denboraldi amaierako emaitzan ikusi ahal izan da.

Urteko lehen partidua gezurra dirudien arren jai egun batetan jokatu genuen, Urriak 12an. Donostiako Gros auzoan dagoen futbol zelaian Zarautzen aurka aritu zineten. Partidu hori 6-2 galdu zen, hala ere, partidu horretatik itxaropentsu irten nintzen, taldeari gauza berezi bat ikusi nion, ez ziola inongo lotsarik erakutsi kontrako taldeari eta fisikoz ondo egon zineten arte partidua berdinduta joan zen. Ondorengo partiduetan berdina gertatu zitzaizuen, partidu oso onak egin 1. eta 2. zatietan eta 3. zatian berriz fisikoaren erruz behera egin. Argi eta garbi zegoen denboraldia aurrera joan ahala fisikoaren kontua konponduko zela eta partidu osoan zehar ondo jokatzeko aukera izango zela, pazientzia kontua zen.

Askotan errepikatu nizuen zuek baina aurkari hobeagoen aurka horrelako adorearekin aritzean etorkizunean fruituak emango zizkizuela, zuen buruan konfiantza izan behar zenutela, nik ez nizuela irabazteko presiorik sartuko, guztiz kontrakoa, irabaztea gutxienekoa zen, helburua zen zuen ahalik eta hoberen jokatzen ikastea ahalik eta denbora luzeen. Urte hasierako helburu nagusia hori zen eta nik uste dut lortu egin duzuela.

Urtea aurrera joan ahala momentu batetan zuen aurpegietan etsipena ikusten hasi nintzen, oso partidu onak egiten genituen baina ez genuen irabaztea lortzen eta horrek kalte egiten hasi zitzaizuen. Zaila da galtzera ohitu egitea, batez ere pertsona irabazleak baldin bazarete, eta eskerrak horrelako batetan Vasconiaren aurkako partidua iritsi zela lehen garaipena lortzeko. Partidu horretatik aurrera hobera asko egin zenuten, konfiantza berreskuratu zenuten eta denboraldi amaiera paregabea burutu duzue.

Partidu on asko egin dituzue denboraldian zehar, batzuk gogoratzeagatik azken txanpan eginikoak, Hernani zein Real Unionen aurkakoak. Baina nik gogoan dut aspaldiko partidu bat, Zumaiakorena. Partidu hori oso handia izan zen, partidu horretan harro sentitu nintzen taldeaz, errepaso ederra eman genion Antiguokori irabazia zion talde horri. 2 zutoin eman genituen, aukera paregabeak huts egin eta aurretik azaldu bezala, 3. zatian behera egin genuen, hala ere, hori gutxienekoa izan zen. Horregatik, partidu hori ezin da ahaztu denbora batez, han eginikoak ez baitu hitzik.

Denboraldia amaitu da eta oporrak datoz, hurrengo urtean infantilak izatera pasako zarete, hau da, futbol 11 jokatuko duzue. Aldaketa handia da, baina ez zaitezte kexatu, guztiek pasatu behar dute eta adaptazio fase horretatik. Aurtengo gogoak erakusten badituzue lasai izan azkar eta asko hobetuko duzuela. Uda honetan egin behar duzuena da zuen buruari galdetu, ea zenbat hobetu dudan jokalari eta talde bezala eta hori zergatik izan den. Galdera horri erantzuteko gai baldin bazarete asko egina izango duzue.

Azkenik, ez dut ahaztu nahi gurasoen jarrera nirekiko. Ez didate inoiz arazorik jarri, kontrakoa esango nuke, beti egon dira laguntzeko prest. Horregatik, beraien laguntza eskertu nahi nuke.

PD: Futbolaz dakidan gutxia zuei erakusten saiatu naiz, lortu dudan edo ez, ezin dut jakin, baina badakidana da asko saiatu naizela zuei ahalik eta gehien erakustea.

PD2: Balorazioarekin amaitzeko ezin dut ahaztu bidean joan zaigun pertsona bat. Berari esker atera da aurten talde hau, berari esker izan duzue aukera elkar jokatzeko eta ederki pasatzeko zuen artean. Denbora luzez izan zen talde hau antolatzen, ahalik eta haur gehien saiatu zen ekartzen klubera. Ni ez nintzateke hemen izango beregatik ez balitz eta horregatik, hemendik baldin bada ere asko eskertu nahi diot niregatik eginikoa. Bizirik izan balitz, oso harro egongo litzateke zuek eginikoarekin eta pertsonarik zoriontsuena izango zen zuei esker. MILESKER CARLOS!